Google+
Mountain View inguruan ez dira geldirik egotekoak, horren lekuko dira Googlek azken aldian aurkeztu dituen produktu ezberdin guztiak. Hauetan azkena Google+ izan da, Facebook handiari kontra egiteko sortu duten sare soziala. Facebookek duen indarra ikusirik sortu den zalantzarik handiena Google garaiz dabilen edo nahiz eta sare sozial on bat egin mundu horretara beranduegi iritsi diren da. Pertsonalki eta interneten gauzak zein azkar eboluzionatzen duten ikusirik sekula ez dela beranduegi esango nuke, gauzak ondo eginda beti dago eta arrakastarako lekua, are eta gehiago Google bezalako enpresa batentzat. 
Googlek azkenaldian aurkeztutako produktu handienekin huts egin zuela esan daiteke, gehiengoak ahaztuak baititu Google Wave (pertsonalki potentzial handia zuen produktua iruditzen zait) edo Google Buzz bezalako produktuak. Oraingoan asmatu ote dute? Hona hemen oraindik ere ezagutzen ez duzuenentzat Google+ pixka bat azaltzen duen sarrera:
Lehen inpresioa
Googlek egin ohi dituen produktu gehienak bezala sare sozial honen erabilera ere guztiz sinplea da. Facebooken antzeko egitura duenez erreza da bertatik datorren edonorentzat behar duena non egon daitekeen asmatzea. Horretaz gain interfaze garbi batek erakargarri egiten du aukera ezberdinen artean nabigatzea. Lehen inpresioa beraz guztiz positiboa da; erreza eta erakargarria.
Zirkuluak
Facebook edo antzerako sareekiko lehen ezberdintasuna ‘zirkuluak’ bezala bataiatu dutena da. Zirkuluak lagunak antolatzeko erabiltzen dira, nahiz eta lagunak kontzeptua beste sare sozialekiko ezberdina den. Hemen zirkulu ezberdinak sortu ditzakegu eta horietako bakoitzean nahi dugun lagun edo pertsona sartu ahal izango dugu. Antolatzeko era guztiz intuitibo eta erreza da, kontaktua aukeratu eta nahi dugun zirkulura arrastratzea besterik ez dugu egin behar. Ez da beharrezkoa beste pertsonak zu onartzea, honela Twiterren gertatzen den bezala edonork publikoki argitaratzen dituen mezuak irakurtzeko aukera izango dugu.(Bideoa) 
Hangouts (Bideo-txata)
Hangouts taldekako bideo-txat bat bezala defini dezakegu, berau irekia (edonor sartu daiteke bertan), zirkulu batzuei mugatua edo pertsona batzuei mugatua sortu daiteke. Malgutasun honek jende ezberdinez osaturiko bideo-txat batetik, pertsona bakarrarekin hitz egiteko bideo-txat bat sortzeko aukera ematen du. Oraindik ere frogatu ez dudan arren irakurri ditudan iritziei erreparatuz pinta ona duela esan daiteke, batzuek Skype bera ere atzean uzteko potentziala duela aipatzen baitute. (Bideoa)
Pribatutasuna
Pribatutasunaren kontua nahiko gai sakona izaten da, are eta gehiago Google bezalako enpresa handi bat atzean dagoenean, baina pribatutasun kontzeptua beste kideekin elkarbanatzen dugunera mugatuz gero Google+ gustatzen zaidala esan beharra dut.
Aurretik aipatutako zirkuluek paper garrantzitsua jokatzen dute atal honetan, edozein argazki, mezu, datu… argitaratzeko garaian guk hautatzen dugu eta ze zirkulutako kideek ikusi ahalko duten. Honek edozein argazki, mezu… elkarbanatzeko garaian nork ikusi ahalko duen oso argi aukeratzeko gaitasuna emango digu, nahi izanez gero edonork ikusi ahal izatetik pertsona bakar batek ikusteko aukerara mugatuz.
+1
Orain hilabete batzuk aurkeztu zuten +1 aukerak garrantzi handiago hartzen du Google+ barruan.
Facebooken ‘Atsegin dut’ bezala ezagutzen duguna da +1 sare sozial berri honetan. Kasu honetan gainera Googlen bilatzaileko emaitzetan eragina izan dezake botoitxo honek, zerbait bilatzen dugunean +1 click asko dituzten sarrerei garrantzi handiagoa emanaz.
Beranduegi?
Aurretik esan bezala ez dut uste beranduegi denik, Googlek ateratzen duen edozerk interes handia sortzen du eta honekin ez da kontrakoa gertatu. Zaila izango da Facebooki gailentzea baina orain artekoa ikusirik eta Googlek duen potentziala kontuan harturik gertutik jarraitu beharreko proiektua iruditzen zait.
PD: Edonork gonbidapen bat nahiko balu eskatu eta saiatuko naiz bidaltzen.




